Landaketa-egun luzeen ondoren, amaitutzat ematen dugu “Ziortza Bolibarreko basoen funtzionaltasun ekologikoa berreskuratzeko” proiektuan parte hartu izana.
Zehazki, 26 bertako zuhaitz eta zuhaixken 3.500 ale landatu ditugu Dantzaleku eta Urzaingainburu lursailetan, Muniozguren inguruan.
Haritz, ametz, zumar hostozabal, otsalizar, hostazuri, hurritz, basaerramu, eta horrela 26 espezie arte, horiek guztiek elikagai, babeslekua, euskarri eta aberastu egingo dituzte lan-eremuren erlazio ekologikoak. Bereziki azpimarratu behar da Errekatxarkoa eta Markola errekak babestuko dituen Dantzalekuko lursailaren berreskuratzea.

Urtarrilaren 18an landaketa jardunaldi bat ospatu genuen eta 44 pertsona bertaratu ziren. Guztien artean, 500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatu ahal izan genituen.

Gure partaidetzaz gain, Tantai Kooperativa enpresa eta Ur Agentziak parte hartu zuten beste lursail batzuk birlandatzen, espezie autoktonoekin baita ere.
Ziortza Bolibarko Udalak bultzatu du proiektu hau, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak (gaur egun, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila) 2023an tokiko erakundeentzat emandako Natura Ondareko laguntzei esker lortu ahal izan da.

